Urdaibaiko Biosfera, turismo helmuga jasangarri gisa izendatutako gune babestua

08/09/2020

Línea Verde

info@lineaverdemunicipal.com

Urdaibai Biosfera Erreserba turismo helmuga jasangarri gisa izendatuko den Euskadiko lehenengo gune babestua izango da. Urdaibai Biosfera Erreserbako Patronatuko iturriek astearte honetan jakinarazi dutenez, auditore talde batek Urdaibai bisitatuko du irailaren 9an eta 10ean, Bizkaiko biosfera erreserba Europako Turismo Gutunari atxiki zaiola egiaztatzeko.

Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitzeko prozesua joan den urteko otsailean hasi zen eta auditoretza talde batek aste honetan egingo duen bisitarekin emango zaio amaiera.

Ikuskaritza gainditu ondoren, Urdaibai Biosfera Erreserbak atxikitzearen lehen fasea bukatuko du. Gauzak horrela, turismo jasangarriaren arloko Europako aintzatespena izango duen Euskadiko helmuga bakarra izango da, baita Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitzen zaion erreserba bakarra dela ere.

Nicolas Garcia Borreguero Urdaibai Biosfera Erreserbako Patronatuko zuzendariak adierazi duenez, "akreditazio hori ekoturismoaren arloko abiaburuetan oinarriturik dagoen turismoa garatzeko ibilbide orria da, ingurumena, gizartea eta ekonomia errespetatzean oinarritzen dena".

Gainera, bere hitzetan, "aukera emango du helburu hori nazioartean ezagutarazteko eta, hartara, haren kontserbazioaren eta lurraldearen garapen iraunkorraren arteko orekaren alde egiteko. Hala, eskualde hori Euskadin erreferentziazkoa den kalitateko turismo leku arduratsu eta seguru gisa bultzatzeko aukera emango du".

Urdaibai Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitzeko ekimenak erreserbaren kudeaketan eskumena duten administrazioen inplikazioa izan du, baita Busturialdeko eskualdeko turismo enpresarien lankidetza ere. Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren mendeko Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak eta Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak gidatutako parte hartze prozesua izan da.

Gainera, Bermeoko, Mundakako eta Gernikako turismo bulegoen, Basquetour Euskadiko Turismoaren Euskal Agentziaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Tourdaibai Urdaibaiko Turismo Jasangarrirako Elkartearen lankidetza aktiboa izan da, baita gizarte zibilaren parte hartzea ere, Foro Iraunkorraren bidez.

Hiru fasetan banatuta

Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna hiru fasetan banatuta dago, eta lehenengoaren hasieran abiatu zuen Urdaibai Biosfera Erreserbak hautagaitzaren txostena egiteko partaidetza prozesua. Turismoaren egoeraren diagnostiko batek, turismo jasangarria eta kalitatezkoa sustatzeko helburuak dituen estrategia batek eta datozen bost urteetan garatzeko ekintza plan batek osatzen dute txostena. Dokumentuak egiteko, Urdaibai Biosfera Erreserbak hiru laguntza talde izan ditu: Turismo Jasangarriaren Foro Iraunkorra, Gutunaren Lantaldea eta Mahai Teknikoa.

Foro Iraunkorra partaidetzak eta eztabaida organo batek, turismo sektoreari loturik dauden eragile publiko eta pribatu guztiekin lan egitea ahalbidetu du. Foro hori "funtsezkoa" da ekintza plana behar bezala ezartzen dela bermatzeko, baita lurraldearen garapen turistikoan modu koordinatuan lan egiteko ere, jasangarritasuneranzko partaidetza irizpideak oinarri hartuz.

Bestalde, lantalde murritzagoa eta operatiboagoa da Gutunaren Lantaldea, lurraldeko turismoko eragile nagusiek osatzen dutena, alegia. Eragile horiek atxikipenerako eskatzen diren dokumentuak egiteaz arduratu dira. Azkenik, Mahai Teknikoa prozesu osoan aholkularitza teknikoa emateaz arduratu da.

Turismo jasangarriaren Europako gutuna

Turismo Jasangarriaren Europa Gutuna ekimenak turismoaren garapena sustatzea du helburu, beti ere, jasangarritasunaren ikuspegitik. Turismo jasangarriaren abiaburuak aplikatzeko borondatezko metodo eta konpromisoa da, eta jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duten lurraldeetako kudeatzaileei eta enpresei estrategiak elkarrekin parte hartuz definitzeko orientazioa ematen die.

Gaur egun, atxikitako 168 gune daude, 20 herrialdetan banatuta. Akreditazioak dakartzan onuren artean, besteak beste, Europan turismo jasangarriaren arloan bikaintasun lurraldea izatea, garapen sozioekonomiko orekatua bultzatzea eta ingurunearekiko benetakoak eta koherenteak diren kalitatezko produktu turistikoak garatzea ditugu.

Unescok 1984an izendatu zuen Urdaibai Biosfera Erreserba, Jaurlaritzak proposatuta, bertako ingurumen balio handia mantentzeko eta erreferentziazko jasangarritasunerako lurralde bihurtzeko, gizarte mugimendu handi baten ondotik.

Oka ibaia eta hango padurak dira erreserbaren erdigune nagusi, eta ingurumen balio handiko paisaia osatzen dute. 22.000 hektareako lurraldeak Matxitxakotik hasi eta Arboliz puntaraino doa, eta Oizen du hegoaldeko muga. 45.000 pertsona inguru bizi dira bertan, historiaz, kulturaz, gastronomiaz eta natur ondare oparoaz beteriko 22 udalerritan banatuta.

EITB.EUS

Cerrar [X]Uso de cookies

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y recopilar datos estadísticos sobre hábitos de navegación. El uso de cookies es necesario para la notificación de incidencias. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede obtener más información, o bien conocer cómo cambiar la configuración, en nuestra Política de cookies